XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hori janzteko asmoa al duk, Paul?

- Soinean eraman diat dagoeneko. Neskak liluratu egiten ditik. Hik, ordea, ez dakik ezer. Begiratu al diok heure piura horri? Nongo garaitan bizi haiz?

- Hire arropa zaharra janzten diat, ala ahaztu egin zaik?

- Bota edo heure erara konpondu! Ez haiz batere ahalegintzen dotore janzten.

Egia da. Ez naiz arropaz kezkatzen.

Seguru asko, gustura eramango nituzke belusezko galtza ondo moztuak, Grégoirerenak bezalakoak, ondo eusten duten galtzerdiak, ez eskoziarrak, lisoak baizik.

Horrelako jantziak ez dira niretzat. Baina ez niri aipatu alkandora zuri pikardatutik, edo galtza estu-esturik, Paulek etzanik eta hankaz gora sartzen dituenak halakorik.

Ez dut-eta ezer jakin nahi. Arropa erraza maite dut.

Rousseauren esaldia dut buruan, Berriau jaunak goizean irakurri diguna: Ez dago lur gainean zoriontsu izaterik, gauzetatik urrundu eta norberaren baitara hurbildu ezean.

Paul kondenaturik dago zorigabe izatera, gauzak eta itxurak maite baititu.

Hala ere, beti pozik da, benetako pozez beterik, eta, batzuetan, zalantza dut filosofoak edo Berriau jauna argiak ote diren.

-Ea, goazen. Saloian egon behar diagu etortzen denerako -esaten du Paulek, alkandora gorde, eta ilea, oso kixkurra izaki, harrotu ostean.

Paul eta biok saloian sartzen gara. Amak hasperen egiten du eta ordulariari begiratzen dio, antigoala bera, aitaren oparia izan baitzen bion ezkontzaren lehen urtemugan.

Egunero kentzen dio hautsa, diz-diz egiten duen arte. Aitak buruari hazka egin eta amari begirada urduriak ematen dizkio. Amak ez du ezer esaten.

Paul, mahaia joz, Rolling Stones-en doinu bat kantatzen ari da. Amak geldi egoteko esaten dio.